XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orixe-ren harrobitik moeta orotako harlandurik sortu zen.

Inoiz argitara eman gabeko lanik ere iritsi da oraingoan liburuki honetako orrialdeetara, honela Orixe-ren Idazlan guztiak jasota uzteko.

Laugarren eta bosgarren liburukiek beste asmo bateko lanak dakartzate argitara: ikertzaileen lanak dira hauetakoak.

Hirugarrenean lankidego zabala bildu da: 20 ikertzaileren lumetatik 27 lan bildu ahal izan dira, denak ere Orixeren obra eta pertsonaren inguruan dihardutenak.

Argitalpena babestu duten Erakundeetako ahotsarekin batera (J. Arregi, I. Murua), Orixe-ren bizitza aztertzen dutenak datoz (P. Iztueta, P. Altuna; J. M. Aranalde), zegokion lekumen historikoa eman diotenak (L. Otaegi, P. Charritton), nahiz pentsamendua (L. Akesolo, X. Andonegi, I. Aldekoa) edo obra orijinala aztertu dituztenak (J. Garmendia: etnologia; J. Kortazar, S. Onaindia, J. A. Arrieta: estilistika; L. M. Mujika, J. Azurmendi: literatur baliabideak; J. M. Lekuona, J. Otaegi: olertia; L. Villasante, P. Iztueta: fede-bizipenak); eta ez da falta itzulpen-lanei eta hizkuntzazkoei begiratu dionik (X. Mendiguren; P. Goenaga, J. M. Etxeberria).

Iker-bilduma eder honi esker, Orixe-k, bere belaunaldiko lagunekin batera amestu zuen Unibertsitate-zereginetara iristen da euskara, eta Orixe beraren obra aztertuz, hain zuzen.

Hilondoko garaipena era bada hau, Orixe zenarentzat.

Idazlearen obraren inguruko gure ezagumenduak jaso eta eguneratzeko liburu bazterrezina gertatuko da, gaur gero, laugarren liburukia.

Bosgarrenarekin, Orixe eta bere garaia, beste molde bateko ikerlan batera heltzen gara.

Aurrekoak lan monografikoak ziren, bakoitzari berean zabaltasunik falta ez bazitzaion ere; bosgarrenean, ostera, ikuspuntu sozio-historiko orohartzaile batetik ekiten dio lanari Paulo Iztueta autoreak.

Liburuki hau hiru partetan banaturik ageri zaigu: bizitza, Orixe bere inguru sozialarekin, Orixe mistikaria, ia 1.500 orrialde bete-betetan.

Hamabost egunetan egunero zortzi ordutako irakurgaia eman didan lan honetaz, xehetasunetan sartu gabe, bizpahiru baieztapen borobil egingo ditut (eta ziur nago ez dela ausarkeria): inoiz euskal idazle edo pertsonaia euskaldun bati eskaini zaion biografiarik onena aurkituko du irakurleak bosgarren liburukiaren bigarren partean (Orixe eta gizarte-ingurua. (Azterketa soziologikoa) dio tituluak).

Bildu diren albisteengatik, metodologiaz eta euskal ikazkeraz obra zinez heldua da hau.

Orixe barru-barruan duela, Aro Modernoko euskal kulturaren historia sozial orokor baten lehen idazketa dela esango nuke.

Asko geratzen da, ziurki, zabaltzeko eta xehatzeko, baina orain artean horrelakorik egiteke zegoen, eta oraindik urratu beharko da biderik azken sintesira iritsi aurretik; hala ere, lanaren lerro nagusienak (seguraski ez denak) markatuta daude, eta kasu askotan luze landuta ere bai.

Beraz, bi balio handi aurkitu dizkiot Idazlan guztiak deritzan argitalpen honi:

a) Berreskuratu dugu, azkenik, Orixe bere osoan, eta b) Berori aitzaki dela, Eusko Pizkundeko mundu lausoa Historiaren eguzki-argitara ekarri zaigu.

Orixe irabazi dugu, baina baita bere garaia ere, neurri eder ezohizko batean.

Argitalpen honek dakartzan ekarpenak hain baliozkoak izanik, ez noa orain kritikaren txikikeria purtziletan sartzera.

Bego, ba, esandakoa bere horretan.

Adierazi nahi nukeena argitzeko, lerro hauek irakurriko ez dizkidaten erdal irakurleei zer gogoratu nahiko niekeen esango dizut: batez ere historilariak balira, aurrerantzean, euskal kulturaren historiaz ezingo dela hitz egin argitalpen honen orrialdeetatik xurgatu eta berorrek erakutsi digun euskarazko iturrien baliagarritasuna ezagutu gabe.

1992-09-09

Joseba Intxausti.